XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZIBILTASUNAREN ALDE, HIPOKRESIAREN AURKA PIO BAROJA, gure idazle handia

Orain dela hogeita bost urte, urriaren 30ean, Pio Barojaren bizitza poliki-poliki, lanbroa mendiratzen denean bezala, itzali zen.

Haren iloba Caro Barojak ehorzketa zibila ematea erabaki zuen.

Horrela Pioren iritzi eta sinestapenak bete zituen.

Pio Barojaren lan izugarrian ezin da zibiltasuna ahaztu.

Zibiltasuna da bere langintzaren ardatza.

Zibiltasuna bere gai, tipo eta egitura literarioetan sumatzen den presentzia etengabea.

Pio Barojak ezagutzen zituen herri honetan, karlistada garaian, gertatu ziren intransijentziak, ezin-ikusiak, gorrotoak.

Eta guzti honen atzean, klero intransijentea, erlijio mistifikatua ikusten zuen.

BIZITZAREN ZENTZUA AZTERTU ZUEN

Pio Barojaren obran beste elementu bat ageri da nabarmen: protesta.

Eta ez momentuko protesta, hain zuzen ere.

Garai hartako hipokresia salatzen du.

Honekin batera, zientziaren ardatza eta bizitzaren zentzua aztertzen ditu.

La lucha por la vida trilogian zera agertzen digu: bizitzaren zentzua leialtasunean, egian, hipokresia-ezean aurkitu behar dugula.

Bizitzaren aldeko borrokak alderdi sozio-ekonomikoak ditu, baina zerbait sakonagoa da.

Bizitzaren zentzuaren bilakera suposatzen du borroka horrek.

Arazoa ez da giza-sail behartsuena soilik; giza maila guztiena baizik.

Zientziak asko arduratu zuen Pio.

Ez zen alferrik sendagilea.

Berarentzat zientzia erlijioaren maila bat da.

Hipokresia eta manipulazio ugari du inguruan.

Guzti hau ondo ikusten da El árbol de la ciencia nobelan.

BAROJA ESCRITOR VASCO DA

Pio Barojari ez dio inork euskaltzaletasun-karnetik eman.

Baroja ez omen da, askoren ustez, euskal idazle.

Polemika handia izan zen orain hamar bat urte Zeruko Argia aldizkarian gai honetaz.

Euskal hitzak euskaraz idaztea esan nahi badu, Baroja ez da euskal idazle.

Baina ez da berdin euskal idazle eta escritor vasco esatea.

Eta gure herriko elebitasuna, zaharra dela eta, Baroja escritor vasco da.

Badakigu vasco izate hori, euskararik gabe, besamotz gelditzen dela.

Baina, euskal idazleen artean, nork jaso ditu hobeki euskal tipoen, konfliktoen, gaien, paisajeen literatur ereduak?.

Politikoei euskara ez jakitea barkatzen diegu.

Zergatik ez idazleei?.

Izenak izanak baino garrantzi handiago du nonbait gure artean.

Pio Baroja euskal idazlea ez, baina Euskal Herriko idazle handi, sakon, hoberena, bai.

Eta hori erreibindikatu nahi dugu orain.

Barojak bezala, hipokresiatik ihes egin nahian.

Anjel Lertxundi.